Nafarroa ardo bikainen lurra da. Mahatsondoz beteriko milaka hektareek ardogintza-tradizio ezin hobea piztu dute aspalditik.
Nafarroako jatorri-deitura pean, aparteko ardo eta bodegak daude, jarraian aipatzen direnak bezalakoak:
CASTILLO DE MONJARDIN
Bodega moderno hau, 1988an fundatu zen eta Villamayor de Monjardinen dago, Lizarrako Lurren zonaldeko herrialde batean. Barietate bakarreko mahatsondo frantsesez inguratuta enpresa honek modu ikusgarrian egin zuen salto ardogintzaren merkatura. Bereziki Chardonnay ardo zuriekin eta bertako ardo beltzekin, hala nola 1998ko Pinot Noir edo 1996ko Cabernet-Merlot ardo onduarekin aho zabal eta egarriz utzi gintuen. Gaur egun, ekoiztutako erdia esportatu egiten da.
Bodega eraiki baino lehenago landatutako mahastietatik fruituak atera eta arreta handiz jarraitutako prozesu bati esker eginiko ardoari zor zaio hori guztia. Bisitetarako aurrez deitu behar da 948 53 74 12 telefono-zenbakira eta, bisitaz gainera, jatetxean ohiko janari nafarra dasta daiteke nahi izanez gero.
JULIAN CHIVITE BODEGAK
Chivite bodega Cintruenigon dago eta Nafarroako jatorri-deitura duen bodega zaharrena da. 1647an sortu zen eta, gaur egun, punta-puntako enpresa da: 48 herrialdetan saltzen du ardoa eta bere ekoizpenaren %68 esportatzen du.
Bertute ugari badu ere, azpimarratzekoa da haritz frantses eta amerikarrez egindako 12.854 upelen kalitatea eta Arinzanoko jaurerrian duen bodega, Rafael Moneo arkitekto ezagunak diseinatutakoa. Bisitatu nahi izanez gero, deitu aurrez 948 81 10 00 telefono-zenbakira. Gainera, bertako jatetxean aparteko bazkaria egin daiteke.
Zaila da dituen ardo bikainetatik batzuk goraipatzea. Bikaintasunaren mugan daude 1997ko Mahats Bilketa berantiarreko 125 Chivite Sortako ardo Zuria, 98koa, baita 1995eko eta 1996ko 125 Chivite Sortako Erreserbako Ardo Beltzak ere.
Ardo finak dira, halaber, Gran Feudo deritzenak; urteetan zehar Nafarroako ardo gorrien bandera ia soilik eurak eraman dute soinean. Bigarren marka Beamonte Bodegak da.
IRATXE BODEGAK
Iratxeko Monasterioaren ondoan dauden bodega hauek ardoa egiteko modu tradizionalak eta instalazio modernoak konbinatzen dituzte. Ardo onduen nabea ikusgarria da, erdi-puntuko arkuekin; miragarria.
Azpimarratzeko lekua da, baita ere, “Iratxeko iturria”, Bodegaren jabegoa eta iturri batetik ura eta bestetik ardoa botatzen duena.
Tempranillo, graziano, biura eta garnatxa mahatsetatik kalitate handiko ardoak egiten dituzte: Fuente de Irache Erreserba Handiko ardo beltza, 1996ko Irache Ardo Ondu Handia, 1982ko Erreserba Handiko Irache Real, 1996ko Prado de Irache eta, ardo zurien artean, 1998ko Irache Chardonnay. Bisitetarako deitu 948 55 19 32 telefono-zenbakira.
SEÑORIO DE OTAZU BODEGAK
Iparralderago, Etxaurin, Gabarbide bodegetan dago Señorio de Otazu, 100 hektarea mahatsondo-sailen inguruan, bisitariaren zain. 1991an berritutako eraikuntzak antzinako bodegen edertasuna egungo teknologiari esker gordetzen du.
Ardoen artean, aipagarrienak Palacio Otazu Erreserbako ardo beltza dago edo 1996ko Ardo Ondua eta, ardo zurien artean, Chardonnay eta 1997ko Otazu. Bodega honetan bada beste marka bat ere: Señorio de Eriete.
Bazkariak eta bisitak erreserbatzeko telefonoa: 948 32 92 00.
VIRGEN BLANCA SOZIETATE KOOPERATIBOA
Lerinen dagoen kooperatiba hau 1956an fundatu zen. Hasiera-hasieratik, kalitatezko bodega izan nahian, ardo bikainak egiten hasi zen eta, berehala, nazioarteko merkatuan aurrera egin zuten.
2581 upel eta 220 mahastizainen 430 hektareekin, euren aparteko modernizazioa lortu dute euren markak egin eta merkaturatzean: Viña Sardasol, Viña Ezkibel edo Campo Lagazan biltzen diren ardo gazteagoak. Horiek guztiek ardo zuriak, ardo gorriak eta ardo beltzak dituzte, baina 1995ko Cabernet Sauvignon Viña Sardasol Sortako Ardo Ondu beltza eta 1996ko Merlot Ardo Ondua goraipatuko ditugu.
Bazkaltzeko eta bisitetarako, deitu 948 53 00 58 telefono-zenbakira.
OCHOA BODEGAK
Bodega izugarri hau Erriberrin dago eta bere produktuen %75 esportatu egiten du, batik bat Erresuma Batura.
Ochoa Bodegek XVI. mendeko arbasoez gero ardogintzan jarduten duen familiaren tradizioa (antzinako instalazioak ere gordetzen dira) eta bodega berritzaile baten modernitatea batzen ditu.
Ez ahaztu bertako Moskatel Ochoa bikaina dastatzeaz, ezta 1992ko Erreserba Handiko Ochoa ardo beltza ere.
Eta hala ere, oraindik ere asko dira aipatu ez ditugun bodegak: Guelbenzu, Viña Magaña, Piedemonte, Príncipe de Viana, Herederos de Camilo Castilla, Luis Gurpegui Muga, Marco Real, Orvalaiz, Palacio de la Vega, San Francisco Javier Kooperatiba, Sarria, Vinícola Navarra,... Eta beste asko aipatzen ere jarrai dezakegu: Nafarroako ardo ona ez baita inoiz amaitzen.
![]() |